Eusko Jaurlaritzak software librea erabiltzea garestiagoa irtetzen diola dio PDF Inprimatu Helbide elekt.
Idazlea dooteo   
2007/12/11

[Cybereuskadi.com gunean irakurrita]
Idoia Mendia Cuevak, Euskal Sozialista taldeko parlamentaria, bulegotitako softwarea software librearekin ordezteko aukerari buruz gindako galderari Idoia Zenarrutzabeitia Beldarrainek (Eusko Jaurlaritzako Lehendakariordea eta Ogasun eta Herri Administrazioko sailburua) emandako erantzunak nahikoa iskanbila sortu du software libreko komunitatean.

 Erantzun honek gaur egun software librea erabiltzea lizentziak ordaintzea baino garestiagoa dela dio, batizpat zerbitzu teknikoan sortuko omen diren kostuengatik. Erantzun horretan ikerketa bat egin dela aipatzen duen arren, ikerketa bera ez da agertzen. Hori dela eta, ezin da jakin nolako ikerketa burutu den, ezta kostuak zenbatekoak izango diren ere.

EuskalGNU Elkartearen ustez, erantzuna oso anbiguoa da, ez baita aipatzen zein jabedun motako aplikazio erabiltzen duten gaur egun, zein arlori dagokion ikerketak (desberdina baita ogasun eta herri administrazioan erabil ditzaketen aplikazioak eta hezkuntzan erabil daitezkeenak adibidez), eta datu zehatzik ez delako aipatzen. Ondorioz, erantzuna nahiko hutsa dela uste dugu.

Erantzunaren zati batean Eusko Jaurlaritzak estandar irekiak betetzen dituela esaten du. EuskalGNU Elkarteak ez du sinesten hori egia deni. Izan ere, EJ-an erabiltzen duten dokumentu formatua Microsoft Office-ek erabiltzen duena baita eta ez OpenDocument (gogora dezagun Microsoft Office suitearen formatuak ez direla irekiak eta hare gutxiago estandarrak).

Nabarmena da software librera egiteko migrazioak ez direla egun batetik bestera egiten. Hala ere, migrazioarekin hasteko modurik erosoena Hezkuntza sailean hastea izango litzateke. Ikastetxeetako irakasleek eta ikasleek eguneroko zereginen eskakizunak software libreak eskaintzen dituen aplikazioek betetzen baitituzte. Eta baliteke administrazio mailan ere horrela gertatzea.


Jabetzen gara baita ere, zenbait aplikazio 'berezi' oraindik ere software librean garatu gabe egon daitezkeela. Kasu horretan Eusko Jaurlaritzak, beste autonomietako gobernuekin eta Europako Komunitatearekin batera, beharrezko aplikazio 'berezi' horien garapena sustatu dezakete. Guztien artean sustatuz bakoitzak ordaindu beharreko kostuak murriztuko liratekeelako, eta leku bakoitzeko teknologia industria sendotzen lagunduko lukeelako. Hezkuntzako arloaren adibidearekin jarraituz, software librera migrazioa eginez gero epe laburrean kosteak asko murriztuko lirateke, eta aurreztuko litzatekeen diruarekin beste aplikazio mota batzuk garatzeko aukera egongo litzateke.

Erantzun horretan ez da agertzen segurtasun arazoari buruzko ezer, ezta lokalizazioari buruzkorik ere ez. Segurtasun arloan urtero diru pila bat gastatzen da 'antivirus' eta antzeko jabedun aplikazioetan. Nahiz eta erantzunean esplizitoki inolako sistema eragilerik ez aipatu, GNU/Linux bezalako sistema libreek Microsoft Windows baino segurtasun maila askoz ere altuagoa eskaintzen dute. Horretaz gain, sistemen konfigurazio eta kudeaketa egokiagoa lantzea baimentzen dute. Ezin da ahaztu segurtasun arazoek koste ugari sortzen dituztela, eta software librea erabiliz koste hauek murrizten direla.

Bestalde, hizkuntzen arloan murgilduz, azpimarratzea nahi dugu gaur egun software librean askoz ere aplikazio gehiago euskaratuta daudela jabedun motako aplikazioak baino, eta ondorioz software libreak askoz ere hobeto babesten dituela Euskara bezalako gutxiengo hizkuntzak. Horrela teknologia eta euskararen arteko harremana bultzatzeko modurik egokiena software librea erabiltzea da.

Horretaz gain, Idoia Zenarrutzabeitiak OpenOffice.org ez erabiltzeko honako eragozpenak aipatu ditu:

  • OpenOffice.org-en aurkezpenak egiteko erabiltzen den aplikazioa (Impress aplikazioa, hain zuzen)  PowerPoint aplikazioarekin konparatuz, ez dituela hainbeste posibilitate grafikorik.
Oso erantzun pobrea da, gure ustetan, batez ere jakinda, zerbait gehiago sakonduz gero deskribapen horretan, balizko funtzionalitate grafiko horiek hemen bertan programatu daitezkeela.  Xehetasun gehiago eskatuko genizkioke txosten horren arduradunari. Izan ere, horrela gauzak hobetzeko aukera izango dugu (gogoan izan OpenOffice.org-ko iturburu kodea librea dela).
  • Kalkulu orrian, berriz, funtzionalitate aurreratuei buruz, gauza bera dio txostenak, ez dela Microsoft Office-k eskaintzen duen Excel bezain ahaltsua.
Zehazki zergatik esaten den hori jakitea gustatuko litzaiguke, alegia, zeintzuk dira faltan bota diren funtzionalitate aurreratuak -  hori hobetzeko aukera izan dezagun.

Guzti hau kontutan izanda, ikerketaren emaitza publikoki argitaratu egin beharko litzatekela uste dugu guztion artean egokiago aztertu eta eztabaidatzeko.

Idoia Zenarrutzabeitia Beldarrainek emandako erantzun osoa honako dokumentuan irakur daiteke (gazteleraz):
http://www.parlamento.euskadi.net/irud/08/00/010543.pdf


  Izan lehena artikuluari iruzkina sortzen

Harpidetutako erabiltzaileek soilik idatz dezakete iruzkinak.
Hasi saioa edo harpidetu.

Powered by AkoComment Tweaked Special Edition v.1.4.6
AkoComment © Copyright 2004 by Arthur Konze - www.mamboportal.com
All right reserved

 
< Aurrekoa   Hurrengoa >
EuskalGNU